XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

MARI KARMEN GARMENDIA
Behiak gurdiaren aurretik jarri behar dituen itzaina.

Ez dakit aingeru santu edo bildots sakrifikatuaren aurpegia jartzen duen, baina esango nuke esan ez dagoela batere gustora.

Dakitzan guztiak ez duela esaterik sumatzen zaio.

Hala ere, ofizioaren jabe izateaz gainera, karguaren kargak esperientzia dexente eskaintzen duenez gero, zezena nondik toreatuko begiratzen nau.

Gasteizko giroaz galdetu eta Kanadako ikerketez hitzegiteko gauza da, euskal politikoez galdetu eta irakasleen prestakuntzaz erantzuteko gai.

Ondo egiten du.

Nik ere beste horrenbeste egingo nuke bere lekuan banengo.

Baina ez nago.

Mari Karmen Garmendia Ormaiztegin jaio zen, ezkondu eta bi seme-alabaren ama da.

Deustuan Filologia Erromanikoaz lizentziatu zen eta Psikologia Doktoradutza Strasburgon.

Gaur egun Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Idazkari da.

-DEIA.: Askotan badirudi Eusko Jaurlaritzak herri hau euskaldundu nahi duela baina ez diola bere buruari neurri berdina jartzen. Zer deritzazu?.

MARI KARMEN GARMENDIA: Hizkuntz Plangintzazko Taldea sortu da Eusko Jaurlaritzaren barruan, sail guztietako ordezkariez osotua.

Designazio-karguez osotutako taldea da, Garcia Egotxeaga lehendakari-ordearen zuzendaritzapean.

Alde horretatik kontzientziartze bat badagoela uste dut.

-D.: Baina, benetan uste al duzu gure politikariek euskara hizkuntza nazionaltzat dutela?.

-M.K.G.: Galdera zaila da....

-D.: Erantzuna da, behar bada, zaila....

-M.K.G.: Esan nahi dut jeneralizatzea dela zaila.

Esango nuke politikari gutxi batzuk oso kezkaturik daudela, beste batzuk ez horrenbeste eta beste zenbaitentzat, berriz, euskara ez da inola ere herri honi dagokion berebiziko problema.

Zenbait alderditan guzti honetaz hitzegiteko ere interlokutoreak falta dira.

Hizkuntz-sensibilitate gutxi.

-D.: Ez da gero hori Kataluniako kasua, esate baterako?.

-M.K.G.: Katalunian hizkuntz-arazoa alderdi guztiei dagokien arazoa da.

Lehenagokoan hango sozialista batek aitortzen zidan, hemen bere alderdikideek hizkuntzaren kontra esaten dutena, han esango balute ez luketela alderdi barruan jarraitzerik izango.
- D.: Ni ez naiz, baina, sozialistez bakarrik hitzegiten ari. Gatozen etxekoetara.
- M.K.G.: Hainbatentzat euskara umeek ikasi beharreko zerbait da. Alde daude, baina hurrengo belaunaldiak konpondu beharko lukeen arazoa balitz bezala.
- D.: Ingelesa ikastea ez da, ordea, seme-alabentzako uzten duten zerbait.

Beraiek dira ikasi nahi duten lehenak.

-M.K.G.:....

-D.: Azken bost urteetan euskaraz ikasi duen euskal politikari abertzalerik ezagutzen al duzu?.

-M.K.G.: Izen bat edo bi aipatzeko gauza izango nintzateke.

-D.: Eta bere burua alfabetatu duen politikari euskaldunik?.

-M.K.G.: Juan Cobarrubiasek beti esaten du hizkuntz-plangintza ez dela zientzi esaktoa, planak egitea predikzioak egitea baino ez dela.

Gero ikusi egin behar betetzen diren ala ez.

-D.: Hala ere, zer espero dezakegu bere burua alfabetatzeko 100 ordutako ikastaroa egiteko kemenik ez duen politikari euskaldunarengandik?.

-M.K.G.: Fishman-ek garbi esan du funtzio guztiei batera heltzerik ez dagoela.

Lehenik funtzio garrantzitsuenak zeintzu diren erabaki behar da, eta lehentasunen arabera ekin.

Pixkanaka pixkanaka funtzio guztiei heldu behar zaie, baina ez denei batera.

-D.: Eta horrelakorik erabakiko balitz.

Herri setatsu honek onartuko al luke funtzio batzuk zati batez baztertu beharra?.

-M.K.G.: Ez dakit onartuko lukeen ala ez, baina bai Fishmanek esan duela gure hainbat etsipen ahal baino funtzio gehiagori ekiteagatik izan dela.

-D.: Sarritan badirudi bakoitza bere aldetik ari dela eta, bitartean, Hizkuntz Politikarako Idazkaritzak ere berea egiten diharduela.

Noiz elkartu behar dute bide paralelo horiek?.

-M.K.G.: Juan Cobarrubiasek esan izan du gure artean gurdia behien aurretik jarri dela.

Egia esan ez zaio arrazoirik falta Hizkuntz Politikarako Idazkaritza 1983an sortu zen eta.

Bidea ibiliz egiten da eta elkarbidea ere etorriko, baina honek ez du esan nahi noizbait Hizkuntz Politikarako Idazkaritzak dena kontrolatuko lukeen makroerakundea izan beharko lukeekin.

Erizpideak bai, ejekuziorik ez.

-D.: Zer esan nahi du guzti horrek?.

-M.K.G.: Lan-esparru bakoitzak bere bidea egin behar duela.

Hizkuntz Politikarako Idazkaritzari dagokio erizpideak ematea eta okerreko bidea salatzea, baina inola ere ez, ordea, prozedura guztia bere baitan hartzea. Nik esan dezaket zer egin behar den Ertzaintza euskalduntzeko, baina ez naiz ni ikastaroez arduratzen hasiko.

Dena Hizkuntz Idazkaritzak egin behar izango balu gobernuaren gainetik egon beharko luke.

-D.: Gutxienez gobernuak Hizkuntz Idazkaritzaren erizpideak beteko balitu....

-M.K.G.: Betetzen ditu. Ezin naiteke kejatu, beti ere kejatzeko arrazoirik baldin badago ere.

Ezer ez dela egiten esatea gehiegikeria da.

Helburuak zehaztu zer egin nahi den jakiteko, helburu lorgarriak jarri etsipenaz ez kutsatzeko, mailaz maila aritu ez azkarregi tronpatzeko eta epez epe beharreko ebaluazioak egin ondorioak aztertzeko dira, laburbilduz, Joshua Fishman soziolinguistak euskaldunoi luzatu digun mezua, oraintsu Donostian eratu berri diren Hizkuntz Plangintzarako III. Jardunaldietan.

Horrez gainera, Hizkuntz Politikarako Idazkari den M. Karmen Garmendiaren eritziz, garbi geratu behar du hainbat ideia nagusi: Bat, euskaldunok ez dugula euskararik errekuperatu beharrik, ez bait dugu euskaldun garen aldetik sekula galdu.

Euskara hedatu, zabaldu, behar dugu, ez errekuperatu edo berlortu.

Bi, euskarak orain dituen baino funtzio gehiago bete behar dituela gizartean.

Baina gehiagok ez duela denak esan nahi.

Hiru, euskara erabiliko duten pertsonen kopurua gehitu egin behar dela eta, horretarako, euskaraz hitzegiteko aukerak eskaini behar direla, aukera deigarriak alegia.

Eta lau, hizkuntz politika gehigarria behar dugula, hau da, etengabe gehituz joango dena, mailaz maila eta epez epe.

Etsipen gutxiago eta perspektiba gehiago.

M. Karmen Garmendiak aitortu digunez: Badirudi jendea etsita dagoela.

Zenbait gauzak berehala lortuko zirelakoan zegoen nonbait, eta badirudi behar baino lehenago nekatu dela. Jendeak kontutan izan behar du, ordea, hizkuntz-prozedura guzti hauek oso luzeak direla.

Flandesen, esate baterako, indar demografiko eta ekonomiko guztiak berekin zeuden arren, eta hizkuntza, holandarra, erabat finkatua izan, berrogei urte behar izan dute nolabaiteko normalkuntza lortu ahal izateko.

Jendeari perspektibaren berri eman behar zaio -jarraitzen du M.K. Garmendiak.

Orain dela hamar urte 24 ordutan euskaraz egingo zuen irratia utopia hutsa zen.

Orain, berriz, Euskadi Irratia berehala hastekotan da eta gauzarik normalena balitz bezala hartzen dugun.

Zer egin asko dago, behar bada orain arte egin den beste baino gehiago dio M.K. Garmendiak baina, hala ere, ezer ez dela egiten esateari gehiegikeria deritzat.